BATUZ

Informazio teknikoa eta arautegia

2022ko Urtarrilaren 01a
NAHITAEZKO ALDIAREN HASIERA

2020ko Urriaren 01a
NORBERAREN BORONDATEZKO ALDIAREN HASIERA

Zer da Batuz?

Bizkaiko arautegia bete behar duten enpresa eta autonomoen tributazioa kontrolatzeko estrategia (enpresa eta autonomo guztiena, tamaina gorabehera).

BATUZek hiru osagai dauzka:

  • TICKETBAI FAKTURAZIO - SOFTWARE BERMATZAILEA

    Fakturazio-sistema informatikoa da, egindako salmenta-eragiketa guztien aitorpena ziurtatzeko erabiltzen dena.

  • ERAGIKETA EKONOMIKOEN ERREGISTRO-LIBURUA (EEEL): 140 ETA 240 EREDUAK

    Jarduera ekonomikoren bat egiten duten pertsonen diru sarrerak, gastuak eta fakturak aitortzeko erabili behar dira. Pertsona fisikoek 140 eredua erabili behar dute eta pertsona juridikoek 240 eredua.

  • BEZAREN, SOZIETATEEN GAINEKO ZERGAREN ETA ERRENTAREN GAINEKO ZERGAREN AITORPENEN ZIRRIBORROAK

    140 eta 240 ereduetako informazioaz baliatuz Bizkaiko Foru Ogasunak BEZaren, sozietateen gaineko zergaren edo errentaren gaineko zergaren aitorpenen zirriborroak egingo dizkie jarduera ekonomikoren bat egiten duten pertsona juridikoei eta pertsona fisikoei.

BERRIKUNTZAK

  • 2020/11/27

    EEELren dokumentu teknikoen eguneratzea

    DOKUMENTAZIO TEKNIKOA

    EEELren dokumentuen bertsio berriak argitaratu dira:

    • EEEL 1.0.4 Modu masiboan bidaltzeko zehaztapenak
    • EEEL 1.0.2 Baliozkotzeak eta akatsak
    • EEEL 1.0.1 Proba esparrua

    140 eta 240 ereduen 1.1 azpikapituluen anotazioen deuseztatzeari buruzko dokumentazioa gehitzen da.

  • 2020/11/27

    Diru-sarreren azpikapitulu guztien irekiera proba esparruan

    DOKUMENTAZIO TEKNIKOA

    Proba esparruan gaitu dira honako azpikapitulu hauen alta eta aldaketa:

    • 1.2 - Diru-sarrerak Software bermatzailerik gabe egindako fakturekin (140. eredua).
    • 1.3 - Fakturarik gabeko diru-sarrerak (140. eredua).
    • 1.2 - Software bermatzailerik gabe egindako fakturak (240. eredua).
  • 2020/11/04

    EEELren dokumentazio teknikoaren eguneratzea

    DOKUMENTAZIO TEKNIKOA

    EEEL modu masiboan bidaltzeko zehaztapenen dokumentuaren bertsio berria argitaratu da (1.0.3). Bertsio honetako aldaketak aurreko bertsioekiko dokumentuan bertan daude.

  • 2020/11/04

    EEELren proba esparruaren irekitzea

    DOKUMENTAZIO TEKNIKOA

    EEELren web zerbitzuen proba esparrua ireki da (EEEL Proba Esparrua 1.0.0 dokumentua kontsultatu). Hasieran, 140 eta 240 ereduetako TicketBAI fitxategia duen 1.1 azpikapituluaren alta soilik operatibo dago, eta norbere izenean egin behar dira aurkezpenak, pertsona fisikoaren ziurtagiriarekin, erakundeko ordezkariaren ziurtagiriarekin edo enpresa zigiluarekin. Web orrialde honetan plataformaren berrikuntzei buruz informatuko da.

Ohiko galderak

  • Galdera orokorrak

    BATUZ derrigorrezkoa izango da 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera; beraz, 2020. eta 2021. urtean horretara moldatzeko egin beharrekoak egin beharko dira.

    BATUZ erabili behar duten pertsonek TicketBAIren baldintzak betetzen dituen fakturazio-sistema erabili beharko dute 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera.

    Gainera, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera pertsona eta entitate horiek Eragiketa Ekonomikoen Erregistro-Liburuetako informazioa bidali beharko dute Batuz proiektuaren tributu-betebeharrak garatzen dituen 82/2020 Foru Dekretuan ezartzen diren epealdietan. 

    Hala ere, BATUZ osatzen duen atal bat borondatez bete ahal izango da 2020ko urriaren 1etik aurrera: TicketBAI sistemaren baldintzak betetzen dituzten fakturen igorpena. Norberaren borondatezko aldiak ez du Administrazioei egin behar zaien TicketBAI fitxategien bidaltzea barne hartzen, ezta Bizkaiko Foru Aldundiaren Egoitza Elektronikoan Eragiketa Ekonomikoen Erregistro-Liburuak eramatearen betebeharra. BATUZ borondatezko aldian betetzearen erabakia ez zaio Administrazioari jakinarazi behar.

    BATUZ bete behar duten pertsonentzat, norberaren borondatezko aldiaren hasierak esan nahi du 2020ko urriaren 1etik aurrera Bizkaiko Foru Aldundiko TicketBAI fakturazio-softwarea garatzen duten entitateen erregistroan erregistratuta dagoen software bat eskuratu ahal izango dutela eta software horren bitartez TicketBAI sistemaren baldintzak betetzen dituzten fakturak igorri ahal izango dituztela (QR kode eta TBAI identifikatzailearekin).

    TicketBAI fakturazio-softwarea garatzen duten entitateei dagokienez, borondatezko aldiaren hasierak aipatutako erregistroan TicketBAI sistemaren baldintzak betetzen dituzten softwareak erregistratzea ahalbidetzen du, horrela dagokion TBAI lizentzia lortuz.

    TicketBAI fakturazio-sistemari eta Eragiketa Ekonomikoen Erregistro-Liburuei esker BATUZ estrategiaren hirugarren osagaia gauzatu ahal izango da, hau da, zergadunei laguntza eman ahal izango zaie BEZaren aitorpenen zirriborroak egiteko 2022tik aurrera, eta 2022ko ekitaldiko eta hurrengo ekitaldietako sozietateen gaineko zergaren eta errentaren gaineko errentaren aitorpenen zirriborroak egiteko.

  • Galdera orokorrak

    BATUZ nahitaez erabili behar dute pertsona juridikoek eta jarduera ekonomikoren bat egiten duten pertsona fisikoek eta nortasun juridikorik gabeko pertsonek, eragiketen tamaina edo bolumena gorabehera, baldin eta Bizkaiko arautegia bete behar badute pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, sozietateen gaineko zerga edo ez-egoiliarren gaineko errentaren gaineko zerga (establezimendu iraunkorrak) ordaintzeko.

    Halaber, BEZaren ordainketan informazioa berehala emateko (IBE) sistema aplikatu behar duten pertsonek eta entitateek ere BATUZ erabili behar dute. Nolanahi ere, Eragiketa Ekonomikoen Erregistro-Liburuetan IBEko informazioa eta betebeharrak txertatu behar dira, eta horregatik nahikoa da informazioa behin bakarrik bidaltzea.

  • Galdera orokorrak

    BATUZ erabili behar duten pertsonek eta entitateek:

    • TicketBAIren betekizun berrietara egokitu behar dituzte beren fakturazio-sistemak. Hala ere, Bizkaiko Foru Aldundiak fakturak egiteko prestatuko duen aplikazioaz baliatu ahal izango dira Batuz proiektuaren tributu-betebeharrak garatzen dituen 82/2020 Foru Dekretuan ezartzen diren kasuetan. 
    • Eragiketa Ekonomikoen Erregistro-Liburuak Bizkaiko Foru Aldundiaren Egoitza Elektronikoan eraman beharko dituzte (mezu informatikoen bidez edo egoitzan formularioak betez). Beraz:
      • Betebehar berria ezarri zaie pertsona juridikoei, orain arte ez dute eduki erregistro-libururik eraman beharrik eta.
      • Jarduera ekonomikoren bat egiten duten pertsona fisikoek eta nortasun juridikorik gabeko entitateek 140 eredua aurkeztu beharko dute orain arte bezala, baina BATUZ ezarri ondoren Egoitza Elektronikoaren bidez egin beharko dute.
  • Galdera orokorrak

    TicketBAIren eskakizunak betetzen dituen softwarea merkatuan eskuratu ahal izango da, gainerako fakturazio-programa eta kontabilitate-programa guztiak bezala.

    Eskakizun horiek betetzeko, TicketBAI software bermatzailearen erregistroan inskribatuta egon behar da programa. Erregistro horretan softwarea inskribatu ahal izateko ezinbestekoa da hura garatu duen pertsonak edo enpresak erantzukizunpeko adierazpena sinatzea (software bermatzailearen zehaztapenak eta software bermatzailearen erregistroan alta emateko adierazpena arautzen dituen 1482/2020 Foru Aginduan xedatutakoaren arabera). Software bermatzailea erregistratzeko alta-adierazpena esteka honetan egin daiteke: https://www.ebizkaia.eus/eu/izapideen-katalogoa

    2020ko Irailaren 14tik aurrera posiblea da erregistroan inskribatzea.

    Erregistroko pertsonak eta softwareak www.batuz.eus/eu/software-erregistroa web orriaren bidez aztertu ahal izango dira. Web orri horretan software-garatzaile gisa inskribatutako pertsonak eta entitateak agertuko dira; sortutako programen izenak egongo dira, eta haien ezaugarrien berri ematen duen web orria ere bai.

    Gainera, Bizkaiko Foru Ogasunak doako aplikazioa jarriko du zergadunentzat; horren bitartez TicketBAI sistemako baldintzak betetzen dituzten fakturak sortu ahal izango dituzte. Aplikazio honen bidez 100 faktura sortu ahal izango dira gehienez, sozietateen gaineko zerga edo pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergaldi bakoitzeko. Kopuru horretatik aurrera, zergadunek TicketBAIren eskakizunak betetzen dituen softwarea erabili beharko dute.

  • Galdera orokorrak

    2020. eta 2021. urteetan BATUZ sistema ezartzea sustatzeko, ekitaldi horretan BATUZ ezartzeak eragiten duen gastuaren %30eko kenkaria aplikatu ahal izango da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kuotan edo sozietateen gaineko zergaren kuotan; hona gastuak:

    • Ekipoak eta terminalak erostea, softwarearekin eta periferikoekin, eta horiek ezartzea eta instalatzea.
    • Sinadura elektronikoaren softwarea erostea, ezartzea eta instalatzea.
  • Galdera orokorrak

    Ekonomia-jardueren etekinak kontrolatzeko sistema integral bat eta tributu-betebeharrak betetzen laguntzeko neurriak ezartzen dituen 5/2020 Foru Arauan adierazita daude Batuz betebeharrak urratzeagatik ezarriko diren zehapenak. Foru arauaren arabera, TicketBAI softwarea bermatzailea falta izanez gero, negozioaren zifraren %20ko zehapena ezarriko da (gutxienez 20.000 euro). Zehapen bat jasotzen duenak berriz ere arau-hauste bera eginez gero, negozioaren zifraren %30eko zehapena ezarriko zaio (gutxienez 30.000 euro).

    Ez-betetzea noizbehinkakoa denean, zehapena 2.000 eurokoa izango da eragiketa bakoitzeko, ez-betetzea egin den eragiketari dagokionez. Ez-betetzea noizbehinkakoa dela pentsatuko da baldin eta osotasuna, kontserbazioa, trazabilitatea eta bortxaezintasuna bermatzen dituen sistema informatikorik erabili gabe egin diren eragiketen zenbatekoa ez bada arau-haustea egin den zergaldiko negozio kopuruaren 100eko 2tik gorakoa.

    Softwarea eta agiri informatikoak deuseztatu, ezabatu edo aldatuz gero, negozioaren zifraren % 20ko zehapena ezarriko da, gutxienez, 40.000 euroko zigorrarekin. Arau-haustea behin eta berriz egitean % 30eko zehapena ezarriko da, gutxienez, 60.000 euroko zigorrarekin. Era berean, iruzurra gauzatzeko softwareak garatzen dituzten enpresei zehapenak ezarriko zaizkie, eta, hala, software hori erabiltzen duten enpresen zehapen bera jasoko dute.

    Zehapen horiek guztiak % 30 murriztuko dira adostasuna adierazi eta zenbatekoak ordainduz gero.